Josu Zabala, Idoia Aldama, Iñaki Zabala eta Maite Ezkurra izango dira Senaturako zerrendaburuak
«Independentzia lortzea eragozteko PSOEk NaBai eta EAJrekin abian jarri nahi duen operazio politikoa geratzeko eta salatzeko» aurkeztuko da EAE- ANV martxoaren 9an Espainiako Gorteetako hauteskundeetara. Halaxe adierazi zuen atzo Marine Pueyok, Iruñeko zinegotzi eta Espainiako Diputatuen Kongresurako Nafarroako zerrendaburuak. Halaber, legez kanporatu ditzaketen arren, hauteskundeetan parte hartuko dutela berretsi zuen. Pueyorekin batera aurkeztu zituzten Eusko Abertzale Ekintzak Espainiako Diputatuen Kongresurako eta Senaturako lau herrialdeetan izango dituen zerrendaburuak.
Iragan asteburuan jakinarazi zuen EAE-ANVk Aitor Bezares, Andoni Elorrieta, Miren Legorburu eta Marine Pueyo izango direla Kongresurako Araban, Bizkaiann, Gipuzkoan eta Nafarroan aurkeztutako zerrendaburuak, hurrenez hurren. Josu Zabala, Idoia Aldama, Iñaki Zabala eta Maite Ezkurra izango dira Senaturako zerrendaburuak. Euskal Herriaren eskubide nazionalen alde egingo du EAE-ANVk Espainiako gorteetan: «Ezetz irmoa esan nahi diogu Espainiako Konstituzioari, errepresioari, ukazioari, zatiketari eta iruzur politikoari; baiezko borobila, berriz, aldaketa politikari, Euskal Herriaren erabakitzeko eskubideari, esparru demokratiko berri bati, proiektu ezkertiar bati eta indendepentziari», nabarmendu zuen Pueyok.
ALDAKETAREN ALDEKO ESKAERA. Pueyok argi ikusten du duela 30 urte indarrean jarritako esparru juridiko-politikoa «krisian» dagoela eta euskal gizartea «behin eta berriz» benetako aldaketa politikoa eskatzen ari dela. «Ezker abertzalearekin zerikusirik ez duten hainbat sektorek ere aldarrikatzen dute hori».
Hala, Euskal Herriaren eta euskal herritarren eskubideak bermatuko dituen eta, «independentzia barne», proiektu politiko guztiak gauzatzea ahalbidetuko dituen esparru politiko bat sortu nahi dute. «Baina badirudi alderdi batzuk ez daudela urrats hori egiteko prest. Dena den, guk ez dugu beste iruzur bat onartuko».
Aldaketa hori lortzeko, EAE-ANVk ezinbesteko iritzi dio subiranotasunaren aldeko guztien batasunari, eta gogora ekarri zuten ezker abertzaleak esparru demokratiko berrirako landutako proposamena. «Orain guri dagokigu erakustea ez dela alferrikakoa izan orain arte egin dugun bidea eta hemendik aurrera egingo duguna».
Hala, Diputatuen Kongresua eta Senatua planteamendu politiko horiek «gizarteratzeko» beste tresnak batzuk izango dira EAE-ANVrentzat: «Gure independentzia proiektua ezagutarazi nahi diogu horien bidez iritzi publikoari».
Zerrenden erdiak legez kanpo egon arren, azken udal hauteskundeetan ia 200.000 boto lortu zituztela gogorarazi zuen: «Hauteskunde kanpainan izandako errepresio, isun eta gainerako traben gainetik, garbi geratu zen orduan aukera ezkertiar eta independentista inoiz baino biziago dagoela eta herri hau ez dagoela prest ilegalizazio eta errepresio gehiago onartzeko eta jasateko».
200.000 boto horiek aldaketa politikoaren eta esparru politiko berri baten alde lanean jarraitzeko «are indar handiagoa» ematen diete, eta orain ere legez kanpora ditzaketen arren, hauteskundeetan izango direla berretsi zuen Pueyok. «Horixe da gure apustua». Jarrera «irmoa, sendoa eta barea» dute, hala izateko.
Zerrendaburuak
-Kongresua
Araba: Aitor Bezares.
Bizkaia: Andoni Elorrieta.
Gipuzkoa: Miren Legorburu.
Nafarroa: Marine Pueyo.
-Senatua
Araba: Josu Zabala.
Bizkaia: Idoia Aldama.
Gipuzkoa: Iñaki Zabala.
Nafarroa: Maite Ezkurra.
BERRIA 2008 urtarrilaren 20an.
http://www.berria.info/testua_ikusi.php?saila=euskalherria&data=2008-01-20&orria=010&kont=008
http://www.berria.info/testua_ikusi.php?saila=euskalherria&data=2008-01-20&orria=010&kont=008